1998ko otsailaren 13an ‘ERMUKO FOROA’ izeneko taldea
azaldu zen herriaren aurrean, 1997ko uztaileko herri mobilizazioak gogoratuz,
Migel Angel Blanco zinegotziaren bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eta aske
uzteko eskatzeko.
Ermuko Foroaren Sorkuntza Agiria aurkeztu zenetik, aurkako hainbat
irizpide plazaratu ziren, batez ere euskal nazionalisten alderditik. Erabilitako
arrazoi askoren artean, asko eta asko elkarren aurkakoak ziren. Jarrerarik maratzenetakoa
X. Arzallusek erakutsi zuen, Bizkaiko Ercilla Hotelean izandako prentsaurreko
baten ondoren, honakoa bota zuenean: ‘Ermuko Foroa’ PSOEren azpilana
da’. Alderdi bereko beste goi-ordezkari batzuek, ordea, Barne Ministerioak
asmatu eta bultzatutako azpijoko maltzurra zela zioten, Mayor Oreja Barne-ministroak
berak eragindakoa. Bien bitartean, Iñaki Anasagastik, Diputatuen Kongresuko
EAJko bozeramaleak, bota zuen herri- mugimendu hori CESIDek zirikatuta sortu
zela. Nahas-mahas horren guzti horren sakonean egia garbi bat zegoen, gizartearen
egonezina hori baino dramatikoagoa zela.
Horixe zen dena. Eta Ermuko Foroa egonezin horretatik sortu
zen, berez-berez, gertakarien harira. Migel Anjel Blancoren hilketaren ondoren,
Euskal Herriko Unibertsitateko bost irakaslek egindako batzarrean du jatorria,
1997ko uztailean. Hor landutako agirian ETArekin ez negoziatzeko eta euskal
faxismoari aurre egiteko erabakia hezur-mamitu zen. Hortik aurrera egindako
batzarretan beste hainbat idazle, artista eta kazetari inguratu ziren Forora,
eta lehen agiria atera zen, izenburu honekin: Euskadin Demokraziaren Aldeko
Agiria. Aurkeztu zen egunean, 1998ko otsailean, hirurehun lagunek sinatu eta
onartu zuten Agiria, gizarte demokratikoak mundu totalitarioarekin zerabilen
nahasmendua eta isilkeria gogor salatzeko. Handik lasterrera mila lagun baino
gehiagok sinatu zuten Agiria.
Sorkuntzako Agiria dela eta (Amaieran jasota dator)
Idatziak argitasun harrigarriz eta gogortasun sendoz salatzen
zuen Euskal Herriak bizi zuen egoera nahasia. Politikariei gogor ere gogor egiten
zitzaien agirika, ez bakarrik, euren hitzetan ‘Ermuko espiritua’
lurperatu nahi izateagatik, baita euren mengelkeriagatik ere, ez zutelako gogor
eta batera jokatu, gizartean elkar-bizitza usteltzen ari zela ikusirik. Ez dago
esan beharrik, aterik ate eta gelarik gela, erdi ezkutuan eta erdi isilean zebilen
Agiri hark, ez zuela izan harrera berorik politikarien artean, hango hitzen
arnasa ez baitzen politikarien bihotz taupadetakoa.
Izan ere, Foroak, indarkeriaren aurrean ordura arte erabilitako
bake keinuak eta isil zeinuak baztertu eta bide tinkoagoak hartu zituen. Ermuan
1997ko uztailean egindako jardunaldietan, gizarte demokratikoak bake santzoz
hartu zituen kalean, eta herriak bere ahotsa berreskuratu zuen. Migel Anjel
Blancoren hilketa lotsagarria burutu zen arte, terrorismoa salatzeko agerraldiak
halabeharrezko isiltasun mistikoan bildurik egiten ziren. Hango oihulari bakarrak
HBko kideak ziren, manifestarien aurka zarataka, erasoka eta harrika.
Inoiz Gandhi edota Kristo gogorarazten digun isiltasun itun
hura zen, bakerako eta barkamenerako, baina ez, justizia eta eskubide demokratikoak
aldarrikatzeko, berezko duintasuna, Giza Eskubide Unibertsalak eta Konstituzioa.
Euskal gizarteak, bake keinuak utzi eta demokraziaren aldeko hitza hartu zuen
eskuetan uztaileko arratsalde mingor hartan. Ermuko Foroak bakea eta hitza eskatu
zuen, olerkariak egin zuen antzera, bata eta bestea banandu ezinak dira eta.
Konstituzioa eta Elkar-bizitza
Foroa hezur mamitzen zihoan bitartean erabaki handi eta zuhur
bat hartu zen: sinatzaileen hesiak apurtzea; hesi akademikoak, artistikoak zein
politikoak. Eta horri esker jaso zen politikaren lurretik Ermuko bandera. Lehen
Agiri hura herriaren ordezkaritzak sinatu zuen. Hirurehun sinaduren artean adar
guztietako lagunak zeuden: sozialistak, alderdi popularrekoak, ezker batukoak,
ezker berrikoak, bake taldeetan ibili eta bide hori agortutzat jotzen zutenak,
pintoreak, eskultoreak, idazleak, kritikariak, kazetariak, ingeniariak, medikuak,
abokatuak, idazkariak, sendagileak, irakasleak eta ikasleak.
Ermuko Foroa ahalegin bateratua da, solidarioa, denon indarrak
faxismoaren aurka batzeko ahalegina. Eta lasterrera izango ahal da elkar-bizitzarako
eta eztabaidarako gune bizia. Ermuan herriaren oihua oihartzundu zen eta horrek
aldaketa ekarriko du Euskal Herrian. Taldekide garenoi arnasa bizigarria ekarri
zigun herriaren berotasunak, eta janzkeren, siglen eta jatorrien gainetik heldutasuna
eta jatortasuna jaikiko dira. Beharbada egongo da hor nonbait ezer ikusi eta
ikasi ez duenen bat, baina, zorionez, Foroko Mahaian, betiko eta betirako lagunak
egin dira, aldi berriotako liberalen eta ezkertiar zaharkituen artean. Indarkeriak
hainbat lagun gaiztotu du Euskal Herrian, baina ondu ere bai, eta benetako demokrata
bihurtu.
Agustin Ibarrolaren Faroa
Nazionalistak zain zeuden aspalditik Agiria noiz agertuko, baina
hala ere, sumindurari eutsi ezinik, erantzun txoroa izan zuen, eta nahi gabe,
sekulako propaganda egin zion Ermuko Foroari. EAJak ETArenganako begirunea eta
elkarrizketa-bidea eskatzen zuen bitartean, Alderdiko kide batek arratoitzat
jotzen zituen Foroko kideak, eta Arzallusek irrigarri jarri nahi zuen gure izena,
Ermuko Faroa ginela esanez. Terrorismoak baino gehiago arduratzen zuen gure
Foroak. Baina irrigarri barik goragarri bihurtu zuen. Foroak 1998ko ekainaren
20an Bilbon egindako jaialdian, bostehun bazkaldarren aurrean, Agustin Ibarrolak,
berak egindako logotipoa aurkeztu zuen: faro distiratzaile bat, euskal terrorismo
luzearen gau ilunean eta politikaren errentagarritasunaren laino itsu artean
demokratei argi egiteko.
Euskadin Hauteskundeak
Gerora, 1998ko urriaren 25eko hauteskunde autonomikoak egingo
ziren. Hor Ermuko Foroak jarrera bare xamarra hartu zuen, Lizarrako Akordioa
zeuden alderdien jarrera oldarkorrarekin ez nahasteko. Foroa Joseph Borrellekin
batzartu zen –orduan Espainiako Gobernuko Presidentetzarako PSOEren hautagaia-
eta Karlos Iturgaitzekin, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarako PPren hautagaia;
eta, azkenik, Pablo Mosquerarekin, lehendakari-gaia Unidad Alavesatik. Batzarrok,
hauteskundeetako kanpaina indartzeko baino gehiago izan ziren, hauteskunde ostean,
alderdi konstituzionalisten beharrezko batasuna bideratzeko.
Horretarako Foroak ohartxo bat baino ez zuen zabaldu izenburu
esanguratsu honekin:’hauteskundeetara herritarrok’. Gero, hemengo
egunkarietan jarri zen hori, ordurako ezaguna zen ‘Ibarrolaren Faroaren’
izenean. Hauteskundeetan parte hartze handia izan zen. Ostean, eta ETAren su-eten
baten erdian, Foroak beste ohar bat zabaldu zuen izenburu honekin: ‘Duintasun
demokratikoa’. Azaroaren 26an zabaldu zen egunkarietan. Muinean hauxe
zioen: ‘ lotsagarria eta zantarra da krimenen ardura inoren lepora botatzea,
eta batez ere, kriminalen eskakizunei uko egiten dietenen lepoetara’.
Izan ere, nazionalismo demokratikoak hiltzaileekin erakusten duen solidaritatea
–hau da, espetxean dauden ETAkoekin-, biktimekin agertuko balu, ez genuke
Fororik ez Farorik beharko, gure lurra argitasunez beterik egongo litzateke
eta.
Europako Erakundeen aurrean Salaketa
Askatasunaren aldeko ibilbide luzean aipagarriak dira Ermuko
Foroak Aznar Presidenteari, Senatuari eta Alderdi Sozialistako zuzendaritzari
egindako bisitaldiak. Baina bide horren gailurrean jarri beharrekoa da 200.
urteko otsailean Ermuko Foroaren ordezkaritza batek Europako Erakundeei egindako
bisita, eskubiderik oinarrizkoenen zapalketa salatzeko, bake bidean oztopo hori
ekarriko baitzuten Lizarrako Akordioak, ‘kale borrokak’ eta ETAren
txantajeak.
Bisitaldi hori gogoangarria izan zen. Eskabide Batzordeak, Askatasunetakoak,
Giza Eskubideetakoak Giza Eskubideetarako Europako Komisarioak, Giza Eskubideen
Europako Epai-mahaiko Presidenteak –Nicole Fontaine berberak- aurkeztutako
Agiria onetsi, eta Ganbarara eramango zutela agindu zuten, bide horretan zerbait
egiteko. Ordezkaritzakoen poztasuna sekulakoa izan zen.
Hala ere, hango berriak Euskal Herrira etorri ahala, laster
hasi ziren nazionalistak dena nahasten; lehenengo, telebista ofizialeko albiste
batean -ETBn-, nahasmena sortu guran, esan zuten Ermuko Foroak Espainiako Estatua
salatu zuela Europako Legebiltzarraren aurrean. Gero entzun genuen, Fontaine
Presidenteak ez omen zuela onartu Ermuko Foroaren jardunbidea.
Zer gertatu zen? Europako parlamentukide batek argitu zigunez,
han oso ezaguna den batek gogor hartu omen zuen Fontaine Presidentea, esanez,
Ganbarako Presidente zen aldetik, ezin zuela aldeko iritzirik eman, inpartzialtasunak
hori eskatzen zuelako, eta legez horrela da, izan ere. Zergatik ez zuen, baina,
Alderdi Sozialistak bultzatu gure bisitaldia Europako Erakundeetara? Zer zuten
galtzeko edo irabazteko? Isil-gordeko itunen bat ote zeukaten, ba, EAJarekin,
hauteskunde orokorren ostean berriro elkar bat hartu, eta gobernu akordioren
bat adosteko, nazionalistek indarkeriazko munduarekin hitzerdiren bat eginda
eduki arren. Argi dagoena da, Txiki Benegasek Estrasburgetik itzuli zenean,
oraindik PSEko Presidente zela, argi eta garbi adierazi zuela komunikabideetan,
Ermuko Foroaren Agiria ez zuela sinatuko, eta gainera ez zuela begi onez ikusten
hemengo trapu-zaharrak kanpoan astintzea, hau da etxeko arazoak etxean konpondu
behar zirela. Bat-batean, bazirudien, lozorro sakonean sartu eta Lizarrako Akordioaren
oihartzun kezkagarriak eta ‘kale borrokak’ eragindako erasoak eta
hondamenak amets gaiztoren bateko adarretan galduak zirela.
Gorka Knörrek, Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusiak eta
Europako legebiltzarkide nazionalistak, Estrasburgetik itzuli zen egunean bertan,
salaketa gogorrak isuri zituen Ermuko Foroaren aurka. Diario Vasco egunkarian
agertutakoaren arabera, ordezkaritza hartako batzuek GALen aldekoak omen ziren,
eta talde esasotzaileekin harremanak omen zituzten. Epaitegian kereila jartzekoa
zen, baina zain gaude oraindik. EAJko buruzagiek inoizkorik eta gogorren jaiki
ziren. Ibarretxe berberak ere, Lehendakari gisa, Estrasburgen salatutakoari
muzin egin zion. Zer dela eta horrenbesteko sumindura, herriko talde bat Europako
erakundeetan ikusita. Zer dela eta horrelako erantzun sutsuak, egoera kezkagarri
bat azaltzen zuen agiri apal eta argigarri baten aurka. Izugarriaren sabelean
egosi ezineko zerbait zebilen, antza. Egiak argi egin zuenean itsututa geratu
ziren. Eta egia gordina hor zegoen agerian. Eta horrek urduri baino urduriago
jartzen zituen denak; izan ere, Europa egiaren begia ikusten hasita zegoen,
eta gero eta garbiago zegoen euren burua biktimatzat agertzen zutenak hemen
borreroak zirela.
Eta, jakina, ausardia horrek atze latza ekarri zuen. Handik
lasterrera-hiru bat hilabetera- gizatasun osoko lagun handi bat hil zuten, balaka
josita: Jose Luis Lopez de Lacalle. Francoren diktadurak lortu ez zuena (Diktaduraren
azken urteak espetxean eman zituen Alderdi Komunistako kide izateagatik) beste
odolzaleago batzuek burutu zuten, jarrera berdintsuetan oinarrituta. Nazi berriak
dira: ETA eta ingurukoak. Gizon on bat hil zuten, gizon zintzo bat, duintasunez
jantzitako gizon bat, eta lagun-hurkoaren duintasunaren aldeko borrokalari sutsu
bat. Txoko honetatik, gure omenaldirik beroena, lagun handi honi, Ermuko Foroko
kideari: Jose Luis Lopez de Lacalleri.
GURE HELBURUA
Ermuko Foroaren helburu nagusia, herritarren keinuak jaso, bihotz
taupadak bildu eta elkar bizitzarako giroa sortzea da, giza-balioetan oinarri
harturik, kulturgintza, gizarte-ekintza eta politikagintza birsortu eta eraberritzeko.
Hau da, zuzentasuna, askatasuna, eta pluralismoa ditu bere jardunbideko xede,
alderdi nazionalisten eskutik gizarte-kontrola kentzeko eta sakonean daukaten
terrorismoaren indarkeria baztertzeko, euskal gizartearen zatiketa eragin ez
dezaten, eta subiranotasunaren aitzakiapean neonazismoa ezarri ez dezaten.
Azken batean, gizatasun sendoagoko herria egin nahi dugu, elkar
bizitza ardatz dugula, joko politikoa eta heziketa sistema balio horietan beraturik,
bakeari leihoa irekitzeko, elkarren onean eta bakean bizi gaitezen. Gure nagusien
jarrera berritzailea berreskuratu beharra daukagu -98ko belaunaldikoena eta
Krausismoaren jarraitzaileena-, Erregimen Zaharreko ilunbetara garamatzaten
indarrei eutsi eta moteltzeko.
Ermuko Foroaren Sorrera Agiria, Demokraziaren alde Euskadin.
(1998ko otsailaren 13a)
Agiri hau izenpetzen dugunok, gure Autonomia Erkidegoak bizi
duen egoera larriaren aurrean, adierazpenok egiten ditugu:
1.- Francoren diktadura amaitu zenetik, Euskadin mugimendu faxista
bat zabaldu eta nagusitu da. Demokrazia bahitu nahi dute eta oinarrizko askatasunak
eta eskubideak zapaldu. ETA da mugimendu horren buru, eta Herri Batasuna, eta
honen inguruko beste erakunde batzuk. Beldurra zabaltzeko indarkeria darabilte.
Adierazpen askatasuna mozten dute, eta denoi ezarri nahi dizkigute euren ‘alternatiba
politikoak’ .
2.- Gure ordezkari politiko eta herri arduradun gehienak, goi
buruan direnak barne, nekez aldentzen dira demokraziaren galmendi horretatik.
Azken urteotan demokraziaren aurkako mugimendu horren esanei men egin diete,
eta ez dute beharrezko tinkotasunez jokatu; inoiz, gainera, ETAren hilketak
Estatuaren lepora ere bota nahi izan dituzte, erantzukizunak elkar-banatuz.
Etenik gabeko erasotzat hartzen dugu, gure herri arduradun eta ordezkariek darabilten
nahasmendua faxismoa hauspotzen dihardutenekin, horrekin ez baitute besterik
egin erasoak, beldurra eta heriotzak gehitzea baino.
3.- Birgizarteratzeko neurri egokiei uko egin gabe, ez dugu
onartuko inolako negoziaketa politikorik ETArekin. Edozein egitasmo politikok
herritarren oniritzia behar du, legebiltzarrean eztabaidatu eta onartzeko, erakunde
hori baita gure demokraziaren euskarri eta elkarrizketa politikorako gune. Eta
hor, bi indar dira nagusi eta erabakior: argumentuak eta botoak. Horregatik
eskatzen diegu alderdiei eta ordezkari politikoei ez dezatela onartu ETAren
eskari politikoei buruz inolako akordu edota salerosketarik; horretan men egiteak
demokraziaren egiazkotasuna hildu egingo bailuke.
4.- Azken urte neketsuotan, bakerako taldeek Euskadin egin duten
lan txalogarria goratuz, euskal faxismoari aurre egiteko beste bide batzuk ere
asmatu beharra dagoela uste dugu; eskubide demokratikoaren eskutik, hitzaren
indarretik, bake-keinuetatik eta isiltasun etsigarrietatik baino gehiago. Herriaren
arnasa aldarrikatzen dugu, uztaileko jardunaldietan piztu zen herri espiritua.
Orduan, euskal gizartea kalearen jabe ez ezik, ahotsaren jabe ere egin zen,
eta argi geratu zen, ETAren aurka eta egitasmo totalitarioaren itzalpean babesten
direnen aurka, bake bidetik ere gogor egin zitekeela.
5.- Era berean, bitartekotza joko guztiak baztertzen ditugu,
politikoak, sindikalak zein elizakoak, Ermuan piztu den sugar politikoa itzaltzeko
edota hango mezua okertzeko bide badira. Gure helburua, zalantzazko bitasun
hori apurtzea da. Ez dugu onartuko, inoiz ez inon, demokraten eta faxisten arteko
ezelako lankidetzarik.
6.- Euskal gizarteari dei egiten diogu, bada, demokraziaren
alde jar dadin eta hitzaren indarra eskuratu dezan. Erakunde demokratikoei etenik
gabe eskatu behar zaie askatasun eta eskubideen babes tinkoa, herriko bizitza
gizatasunaren aterpean hazi eta aberastu dadin. Horrelaxe baino ez dugu lortuko
bakea, gure askatasuna ito gabe.